XAKEKO TALDEKAKO EUSKAL LIGA.

(2014ko urtarrilaren 10etik martxoaren 7ra).

 

 

 

OHOREZKO MAILA.

 

 

 

SESTAOK EUTSI ZION LEHENENGO POSTUARI ETA URNIETAK ETA ABADIÑOK PORROT EGIN ZUTEN.

 

            2015eko Xakeko Taldekako Euskal Liga martxoaren 7an amaitu zen. Sestao EDP A taldeak lortu zuen titulua. Laugarrena du. Azkeneko 6 urteetan lortu ditu titulu guztiak.

 

            Azkeneko txandan Grosekiko puntu eta erdiko abantaila mantendu behar zuen. Ez zion ustekabeari lekurik eman nahi izan eta 2.714ko eloko Ruslan Ponomariov ukraniarra eta 2.659ko eloko Romain Edouard frantziarra erabili zituen. Donibane Kirol Elkarteko Roi Reinaldo Castiñeirak eta Luis David Jimenez Almeidak galdu zuten haien aurka. Mario Gomezek irabazi zion Adrian Aldaveri, 546ko eloko desoreka zuen partida batean. Gabriel Del Riok berdinketa besterik ez zuen egin Ignacio Martinez Fernandez de Arcayarekin, baina emaitza hori eraginik gabekoa izan zen azkeneko sailkapenari begira.

 

            Gros, hala ere, saiatu zen eta 4-0 irabazi zion Abadiñori. Titulua ez zion horrek eman, baina Abadiño Lehenengo Mailara bidali zuen. Azkeneko tokian bukatu zen talde abadiñoarra, Ligaren indarraren erakusgarri.

 

            Conteneok eta Urnietak lehia erabakigarria zuten. Bilbotarrek 2 puntuko abantaila mantentzea erdietsi zuten. Berdinketak mailan jarraitzea eman zion eta Urnieta Lehenengo Mailara igorri zuen.

 

            Arrasate-Arlutz arriskuan zegoen, baina Batallarekin 2-2 eginda, puntu erdiarengatik saihestu zuen jaitsiera. Batalla bosgarren geratu zen, Donibane laugarrenarekin puntuz berdinduta.

 

            San Viatorrek ezin zuen Orvina A-ren aurka hutsik egin. 2-2ko emaitzak hurrengo urterako txartela ziurtatu zion. Orvina Ak denboraldi oso txukuna egin zuen, modu erosoan hirugarren geratuta.

 

            Sestao eta Gros oso berdinduta ibili ziren txapelketan. Puntu bateko aldea besterik ez zen izan bien artean. Momentu puntualetan eliteko maisuekin aritzeak eman zion titulua Sestaori.

 

AZKENEAN EASOK LAGUNDUKO DU ALTZAGA, OHOREZKO MAILAREN ITZULERAN.

 

            Zuri Baltzak huts egin zuen azkeneko txandan. Ez zen gauza izan Calasanzi garaitzeko eta berdinketak utzi zuen igoeratik kanpo.

 

            Beste lehia garrantzitsuan Easok eta Zornotzak berdindu zuten. Beraz, biak geratu ziren Zuri Baltzaren aurretik, puntu erdiarengatik. Easo izan zen Ohorezko Mailara itzultzea lortu zuena.

 

            Hori bai, hirurak geratu ziren Orvina B-ren atzetik. Ustekabean 3-1 gainditu zuen Sestao B eta hirugarren postuan geratu zen Iruñeko taldea.

 

            Sestao B-k bere laugarren titulua lortu zuen Lehenengo Mailan. Altzagak ia harrapatu zuen azkeneko egunean, San Viator B-ri 0-4 irabazi ondoren, baina lehenago eskuratutako errentak eman zion titulua Sestao B-ri.

 

            Kultur Sustapenak 2’5-1’5 garaitu zuen Anaitasuna Kakute, baina sailkapenari begira garrantzirik gabeko lehia izan zen. Bi talde hauek, San Viator B eta Calasanz izan ziren lurraldeetako txapelketetara jaitsitakoak.

 

            2015-03-07.

 

                Iturria: Euskal Xake Federakuntza.